688 716 482 ·  Tel.: 943 85 21 74  ·  bulegoa@izarraitz.eus

Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe

“Azkoitti garbixe, etxie bezelaxe” lelopean, Azkoitiko Udalak kale garbitasunari lotutako kanpaina berria jarri du abian eta gaur aurkeztu du ekimena hainbat eragilerekin batera. Ana Azkoitia zinegotziak azaldu duenez, “Eskolako Agenda 21 egitasmoan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek Udalari luzatutako proposamena da kale garbiketaren inguruko lanketa burutzea. Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHIk eta Izarraitz Lanbide Heziketak lan mardula egiten dute Eskolako Agenda 21en baitan ikasturte osoan zehar eta Udalak urtero egiten duenez ingurumenarekin lotutako kanpaina bat, aurten Eskolako Agenda 21eko ikasleei erantzun nahi izan diegu haien eskaera garatuz. Horixe izan da kanpainaren abiapuntua”.

Eskolako Agenda 21eko partaideez gain, kanpainarekin bat egin dute Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Herrixen Merkatari Elkarteak, Azkoittiko Tabernaixek eta herriko ostalaritzak, Kizar eta Ñam-Ñam gozo-dendek, Parrokiko taldeak, Eguzki eta Zuhaitzak Bizirik elkarteek eta Gazteria Zerbitzuak.

Hiriguneak txukun, garbi eta eder mantentzeari gero eta garrantzia handiagoa ematen dio herritarrak gaur egungo gizartean. Herritar orok baloratzen du positiboki kaleak egunero garbituak izatea eta era berean, asaldatu egiten gara gure herriko txokoren batean zikinkeria pilatua ikusten dugunean. Hala ere, maiz ahaztu egiten dugu garbiena ez dela gehien garbitzen duena, gutxien zikintzen duena baizik.

Esan daiteke, orokorrean, herritarrak gero eta kontzienteago garela arazoak eta gero eta gehiago zaintzen ditugula kaleak eta ingurunea. Ukazezina da herritarren gehiengoak arduraz jokatzen duela eta azken finean, kalea, etxea bezela zaintzen duela. Hori guztia onartuta ere, oraindik arruntegiak dira gaindituak izan beharko luketen hainbat jokabide desegoki, adin guztiko herritarren artean, besteak beste:

  • Zigarro-puntak lurrera botatzea
  • Plastikozko bildukiak, papertxoak… lurrera botatzea
  • Pipa-azalak eta txikleak lurrera botatzea
  • Txakur-kakak jaso gabe uztea
  • Taberna askoren inguruetan edozer gauza lurrean uztea: edalontziak, esku-zapiak, zigarro-puntak…

Udalak ahalegin berezia egiten du kaleak garbi mantentzen, lorategiak zaintzen, beharrezkoak diren hiri-haltzariak zein zakarrontziak ipintzen edota ekimen berriak martxan jartzen. Guztiok txukunago jokatuko bagenu, aurrekontu horren zati bat bederen herritarren onurarako beste zereginetan erabiltzeko aukera legoke. Oraingo honetan, beste urrats bat eman nahi du herritar guztiei zuzendutako kontzientziazio kanpaina bat antolatuz eta herriko eragile desberdinak inplikatuz. “Kanpaina honen helburu nagusiak dira herritarrak kale garbitasunaren gaiari buruz sentsibilizatzea eta kontzientziatzea, herritarren parte hartze aktiboarekin, kaleak garbi eta txukun mantentzeko jokabideak zabaltzea eta azkenik, Udala arlo honetan egiten ari den lana eta ekimen berriak jakitera ematea. Esaterako, pipelerak, sareak jartzea ibai ertzeko hesietan…”, azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak.

Kanpaina askotariko jarduerez osatuta egongo da, besteak beste:

  • Kale-animazio saio bat egingo da, urtarrilaren 24an, ostiralean, arratsaldeko 18:30etik 20:00etara bitartean herriguneko kaleetan zehar. “Kale garbiak” izeneko ikuskizun itinerante hau Intujai Teatro talde profesionalaren eskutik egingo da, gaia kalean herritar guztiekin modu ludiko eta atseginean lantzeko beste formato osagarri modura.
  • Kartelak zabalduko dira herriko komertzioetan, eraikin publikoetan, ikastetxeetan eta arazoa dagoen hainbat leku esanguratsuetan.
  • Pipa-azalak jasotzeko zorro konpostagarri bereziak banatuko dira goxoki dendetan, gazteen topalekuetan, ikastetxeetan, kirol-instalazioetan, kultur guneetan…
  • Ostalaritza establezimenduetan, bereziki, kalean terrazak dituztenetan pentsatuz, mahai gainean jartzeko eranskailuak sortu eta banatuko dira kanpainaren irudiarekin eta mezuarekin.
  • Hiriguneko eremu baten garbiketa herrikoia antolatuko da ikastetxeetako taldeen laguntzarekin. Garbiketa horietan jasotako zikinkeria, herriko plazan bilduko da ondoren zuzen sailkatuz eta gaur egungo errealitatearen “argazki” bat ateraz. Parte hartuko dute Bizilore Eskola Aktiboak , Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak. Urtarrilaren 27an izango da, 11.00etatik 12.30era.
  • Ikus-entzunezko originalak sortuko dira Azkoitiko errealitatera egokituak Istagramen eta Facebooken publikatzeko Iban Garcia azkoitiarraren eskutik.
Web gune honek bere cookieak eta bitartekoenak erabiltzen ditu, nabigatzailean gordetzen diren textu fitxategi eta datu analitikoz osatuak, nabegazio ohituren lehentasunak gorde eta baita okerrak konpondu eta hobetzeko erabiltzen direnak. Nabigatzen segi ez gero bere erabilera baieztatzen duzula ulertzen dugu. Onartu botoia pintxatuaz mezu hau ez da gehiago agertuko. Informazio gehiago edo konfigurazioa aldatu nahi izan ez gero, gure Cookien Politikan informazio gehiago aurkituko duzu. Cookien politika.    Irakurri
Privacidad

Share This

Copy Link to Clipboard

Copy