2023-2024 Ikasturtea
Lehiaketaren lehen edizioa Zornotzako AICn aurkeztu zen. Idea lehiaketa gisa
planteatu zen, ikastetxeei proiektu desberdinak proposatzeko eskatuz.
Izarraitz LHII, ikasle guztien parte hartzeari esker, Sidebike izeneko
prototipoaren proposamena aurkeztu zuen, aniztasun funtzionala duten
erabiltzaileetan pentsatuz, bizikleta bati aldamenean eserleku egokitu bat
jartzea bilatuz. Proiektu hau aurrera eramateko, hainbat arlotako ikasleen
arteko elkarlana bultzatu zen, erronka desberdinak zehaztuz:
– Gizarte eta Kultur Zerbitzuetako ikasleek beharren definizioa egin
zezaketen.
– Zurgintza eta Fabrikazio Mekanikoko ikasleek beharrezko elementuak
fabrikatu zitzaketen.
– Mekatronikako ikasleek muntaia egin zezaketen.
– Administrazio arlokoek marketin kanpaina bat prestatu zezaketen.
– Osasungintzako ikasleek botika kutxa bat gehitu zezaketen, balizko
zauriak sendatzeko.
– Informatikako ikasleek bizikletaren jarraipena egiteko aplikazio bat sortu
zezaketen.
Proposamen honekin, Izarraitzek 1. saria eskuratu zuen lehen edizio honetan.
2024-2025 Ikasturtea
Bigarren edizio honetan, lehiaketaren formatua aldatu egin zen: epeak luzatu
ziren eta ideia lehiaketa prototipo lehiaketa bihurtu zen.
Izarraitzek, aurreko urteko arrakasta ikusita, iazko Sidebike proiektua oinarri
hartuta, prototipo bat fabrikatu eta martxan jartzea erabaki zuen. Horretarako,
irakasle talde batek diseinuaren zehaztapenak definitu zituen, fabrikazio
mekaniko eta zurgintzako piezetan arreta jarriz. Aldi berean, Azkoitiko Aitzaki Kirolak enpresarekin elkarlanean, elektrifikazio kita eta bizikleta muntatzeko
beharrezko elementu guztiak definitu eta erosi ziren.
Ikasleen lana bideratzeko ere erronka zehatzak definitu ziren, aurreko urteko
ideietan oinarrituta:
– Mendekotasun Egoeran Dauden Pertsonen Arreta zikloko ikasleek
Sidebikearen ezaugarriak definitu zituzten. Horretarako, Azkoitiko Marea
Urdina elkartearekin eta beste erabiltzaile posible batekin elkartu ziren.
Ikasitakoa proiektuan aplikatu ondoren, kontzientziazio kanpaina bat egin
zuten ikastetxean, proiektuaren aurkezpenak taldeka eginez.
– Zurgintzako ikasleek, lan handiaren ondoren, bizikletaren koadroa eta
alboko eserlekua egitea lortu zuten.
– Fabrikazio Mekanikoko ikasleek erresistentzia handiena behar zen pieza
espezifikoak fabrikatu zituzten, hala nola direkzioa eta atzeko gurpila
lotzeko elementuak.
– Mekatronikako ikasleek aurreko bi taldeek egindako lanak jaso eta
muntatu zituzten, ibilgailua erabilgarri jarriz.
– Administrazio arlokoek prototipoa jaso eta marketin bideo bat eta sare
sozialetarako hainbat argitalpen sortu zituzten.
– Ibilgailuaren osagarri gisa, Erizaintzako ikasleek botika kutxa bat gehitu
zuten bizikletan eramateko.
– Proiektua amaitzeko, Informatikako ikasle batek ibilgailuaren jarraipena
egiteko aplikazio bat sortu zuen, erabileraren inguruko estatistikak
eskainiz.
Egindako lanari esker, Izarraitz LHIIk bigarren urtez jarraian eskuratu zuen
lehen saria Bike Talent lehiaketan.