688 716 482 ·  Tel.: 943 85 21 74  ·  bulegoa@izarraitz.eus

MAIATZAREN 17, LGTB fobiaren aurkako eguna

 

RINA CABEZA CALDERON, ELKARRIZKETA MAIATZAREN 17aren harira

 

RINA CABEZA CALDERON, 18 urteko azkoitiarra da. Izarraitz Lanbide Heziketa LHIIn hasi zituen bere Mikroinformatika Sistemak eta Sareak zikloko praktikak, konfinamentuaren aurretik. Maiatzaren 17aren aldarria dela eta galdera batzuk egin dizkiogu ikastetxeko hezkidetza batzordetik:

 

  1. Zer ospatzen da Maiatzaren 17an?

Maiatzaren 17an LGTB-fobiaren aurkako eguna ospatzen da. Homofobiaren, transfobiaren eta bifobiaren aurkako eguna, 1990ean OMS-ek gaixotasun mentaletatik kendu zuen homosexualitatea.

Bai, orain dela 30 urtera arte homosexualak gaixorik zeudela esaten zen eta beno gaur

egun ere batzuk hala dela pentsatzen dute. Horregatik egunero LGTB kolektiboaren eskubideen alde borrokatu behar da, asko lortu dugulako eta oraindik ere asko lortu behar dugulako.

Eskubideak 365 egunetan aldarrikatu behar direla diot beti eta ez maiatzaren 17an edota ekainaren 28an bakarrik.

 

  1. Azalduko zeniguke zure bizipen pertsonala?

Betidanik jakin izan dut. Baina, ikastolatan ez dute ezer irakasten, informazioa falta da. Ez dakizu gertatzen zaizunari izena jartzen. Egun batean, “La Veneno”ren bideo bat aurkitu nuen. Ez nintzela bakarra ohartu nintzen.

Urte batzuetara, kontatu egin behar nuela pentsatu nuen. Iristen da unea non, kontatu egiten duzun edo ez dakizun zer egin bizitzarekin.

 

  1. Nolakoa da hormonak hartzerainoko prozesua?

Lehendik pixka bat aldatu da. Ni hasi nintzenean, familiako medikuarengana joaten zinen eta hortik Cruceseko Genero Unitatera, EAEko bakarrera. Han medikuak, seguru zauden galdetu ondoren, psikologoak “kolore urdina edo arrosa duzu gustuko?” eta antzeko galderak egiten dizkizu. Bukatutakoan, papera ematen dizu, “emakumea zara” adierazten duena. Badirudi berak erabakitzen duela ni nor naizen, nik jakingo ez banu bezala. “Azkenik” endokrinoarengana joaten zara eta honek hormonak errezetatzen dizkizu.

 

  1. Diagnostikoa egiten dizute?

Bai. Orain “Incongruencia de género” deitzen zaio. Ezagutzen dut 2 urtez psikologora joan denik, mentalki nekagarria da. Psikologoak erabakitzen du jarraituko duzun ala ez. Eta ez badizu diagnostikoa ematen? Bizia izorratzen dizu.

Nik zortea izan dudala esaten dut beti, lagunek eta familiak hasieratik onartu naute, nahiz eta batzuei apur bat gehiago kostatu zaien.

Azkenean zeure bizitza da eta ezin duzu ez zaren pertsona baten azalean bizi.

 

  1. Ba al duzu aholkurik prozesua hasi nahi duenarentzat?

Hasteko, galdetzea ea nola nahi duen izendatzea. Hormonak daudela adierazi, ondorioak dituztela eta ez dagoela derrigortua hauek hartzera azaldu (NANa aldatzeko oraindik ezinbestekoa den arren). Gero laguntza behar badu, erakundeetara joateko ez dagoela bakarrik ikustarazteko eta bera bezalako jende pila dagoela ohartarazteko.

 

  1. Eskolan sexu hezkuntzan genero rolak lantzen dira?

Oso gainetik lantzen da gaia. Harreman cisheteroak erakusten dira eta hauek ez dira dauden harreman mota bakarrak. Txikitatik hau erakusteak “normaltzat” bilakatzen du. Azkenean inposaketa bat da, ez delako beste ezer erakusten. Desberdinak garenak, ez dakigu gertatzen zaiguna izendatzen.

 

  1. Zer egin dezakete irakasleek?

Irakasleek egin behar dutena ikasleari babesa ematea da, honek behar duenari kaso egitea, bakarrik ez dagoela sentiaraztea. Hau guztia normalizatzen laguntzea eta inondik inora ikaslea ez baztertzea bere sexualitate edota identitateagatik.

 

  1. Zertan jarriko zenuke indarra sexu hezkuntzan ikastetxeetan?

Sexualitatean eta nortasunean. LGTB kolektiboan gaudenok ez dakigu zer gertatzen zaigun esaten. Eta… gogorra da. Txikitatik sexu bat ezartzen zaizu genitalen arabera, genital hauekin batera rolak; eta horrela hil behar duzu, ezin zara hortik kanpora atera irainak, bazterkeria edota jipoik jasan gabe.

 

  1. Onartuak al zaudete transexualak gizartean?

Ba beno, gizon transak onartuago daude “ciss-passing” gehiago dutelako. Alegia, pertsona cis-en antz gehiago dutelako, “gizon” antz gehiago, eta ez da zalantzan jartzen. Aldiz, emakume transok ez gaude hain onartuak, besteak beste ahotsa ez zaigulako aldatzen, beraz gizarteak ez zaitu “emakumetzat” hartzen.

 

Honekin ez dut esan nahi gizon transak onartuak gaudela eta emakumeok ez, oraindik ez gaude hain onartuak biok, gizarteari asko falta zaio gu onartzeko eta horretarako aurreiritziak alde batera utzi beharko lirateke eta pertsona bat pertsona bezala ikusi behar dugu eta ez gure gizarteko “bloke” baten parte.

 

Rolak betikotzen ari da gizartea eta hortik at gaudenoi askotan esaten digute: “zer? Neska/Mutila nahi duzu izan?” Ez. Zuk neska/mutil bezala onar nazazun nahi dut. Ez da sexu aldaketa, horrek molestatu egiten nau. Ni ez naiz sexuz aldatu, gizartea da nire gorputzarekin gaizki sentiarazten nauena bere “blokeetan” ez egoteagatik.

 

  1. Transexual bezala identifikatzea baliagarria da gizartean onartzeko?

Niretzat baliagarria da. Hau da, etiketa horrek gizartean naizen bezala izateko borrokatu egin behar izan dudala adierazten du, pertsona cis baten nortasuna zalantzan ez da jartzen baina aldiz nirea bai, zergatik?

 

 

  1. Identifikazio hau erraza da Azkoitia bezalako herri batean?

Hasiera batean, pila bat kostatu zitzaidan pausua ematea. Beldur nintzen ea onartua izango nintzatekeen ala ez Azkoiti bezalako herri batean. Baina lagun ikaragarriak aurkitu ditut, maite nautenak eta onartzen nautenak eta… ezin dut gehiago eskatu, prozesua errazago ematen laguntzen didate.

 

  1. Inoiz pentsatu izan duzu hiri batera bizitzera joatea oharkabean pasatzeko?

Askotan pentsatzen dudan gauza bat da herritik kanpora joatea, baina ez oharkabean pasatzeko, azkenean naizen bezala maitatzen ikasi dut eta besteek nigatik pentsatzen dutenak ez dit axola.

Hiri batera joango nintzen, herria txiki gelditzen zaidalako, abentura berriak bizi nahi ditudalako… herri bat ez dago niretzat egina eta are gutxiago ni herri batentzat.

 

  1. Beste zerbait gehitu nahi duzu?

Elkarrizketa hau irakurri duzuen guztioi, eskerrik asko tartetxo bat hartzeagatik.

Ez ahaztu pertsonak anitzak garela eta aniztasunak egiten duela aberats gure gizartea. Imajinatzen duzue guztiok berdinak izango bagina? Zer aspergarria, ezta?

 

Eskerrik asko elkarrizketa honi erantzuteagatik eta zure esperientzia gurekin partekatzeagatik.

 

ELKARRIZKETATZAILEAK: Larraitz Lakuesta De la fuente, Joseba Izagirre Zubimendi, Aratz Trecet Obeso eta Eneritz Elorza Pagaldai.

Web gune honek bere cookieak eta bitartekoenak erabiltzen ditu, nabigatzailean gordetzen diren textu fitxategi eta datu analitikoz osatuak, nabegazio ohituren lehentasunak gorde eta baita okerrak konpondu eta hobetzeko erabiltzen direnak. Nabigatzen segi ez gero bere erabilera baieztatzen duzula ulertzen dugu. Onartu botoia pintxatuaz mezu hau ez da gehiago agertuko. Informazio gehiago edo konfigurazioa aldatu nahi izan ez gero, gure Cookien Politikan informazio gehiago aurkituko duzu. Cookien politika.    Irakurri
Privacidad

Share This

Copy Link to Clipboard

Copy