Izarraitz Lanbide Heziketa LHII

Gure Hizkuntza Politika

Hizkuntza Politika

IZARRAITZ LANBIDE HEZIKETA LHIIk prestakuntza inklusiboa sustatzea du helburu, eskualdeko hizkuntza- eta kultura-identitatea errespetatu eta sendotuko duena, eta, aldi berean, gure ikasleak lan-ingurune lehiakor eta global baterako prestatzea bermatuko duena.

Horretarako:

  1. Euskara hizkuntza nagusi gisa: Euskara izango da gure prestakuntza- eta administrazio-jardueran erabiliko den oinarrizko hizkuntza, eskualdean duen kultura-balioa errespetatuz eta lan-esparruan erabilera sustatuz. Gure ikastetxeak ikasleen artean euskararen ezagutza indartzeko konpromisoa hartzen du, bertako ingurune profesionalean integratzen laguntzeko.
  2. Nazioartekotzeko ingelesa sustatzea: Egungo testuinguru globalizatua kontuan hartuta, ingelesa gure prestakuntza- eskaintzan sartu dugu, enplegagarritasunerako eta nazioarteko mugikortasunerako funtsezko tresna gisa. Egokia denean moduluak ingelesez emateaz gain, berariazko sektoreetan hizkuntza osagarri gisa ikastea sustatzen dugu.
  3. Gaztelania, inklusio-hizkuntza: Hainbat jatorritako pertsonek prestakuntza jasotzeko aukera izan dezaten, gaztelaniazko prestakuntza-aukerak eskainiko ditugu, baldin eta horrek nazioarteko ikasleak edo euskaldunak ez diren ikasleak lan-merkatuan sartzea errazten badu.

Hizkuntza politika honek ikasleen garapen profesionalarekin dugun konpromisoa islatzen du, euskara errespetatzen eta indartzen duen, inklusioa sustatzen duen eta nazioartekotzea errazten duen esparru batean.

Euskararen Hizkuntza Irizpideak

Barne komunikazioa

  • Barneko ahozko eta idatzizko komunikazioak euskaraz egingo dira.
  • Bilera eta jardunetan euskara erabiliko da.

Kanpo harremanak

  • Guraso, tutore legal, herritar, enpresa, administrazio eta beste eragileekin komunikazioetan euskara lehenetsiko da.
  • Ikastetxeak eskaintzen dituen bilera, hitzaldi edo jarduera instituzionalak euskaraz egingo dira. Ulertzen ez duenarentzat “Xuxurlari” figura eskainiko da.
  • Ikastetxera datorren edo ikastetxearekin komunikatzen den edonori lehenengo hitza euskaraz egin edo idatziko zaio.
  • Ikastetxeak bidaltzen dituen dokumentuak ez dira inoiz soilik gazteleraz bidaliko.

Langileen hizkuntza-gaitasuna

  • Euskararen ezagutza eta erabilera sustatuko dira prestakuntza eta motibazio bidez.

Kudeaketa Sistema

  • Ikastetxeko dokumentazio ofizial guztia euskaraz sortuko da. Beharrezkoa den kasuetan soilik itzuliko dira dagokion hizkuntzetara.

Irudi korporatiboa eta seinaleztapena

  • Kartelak, seinaleak eta material grafikoak euskaraz edo elebitan egongo dira, euskara lehenetsiz.

Webgunea eta sare sozialak

  • Webguneak euskarazko bertsio osoa izango du.
  • Sare sozialetan euskara izango da komunikazio hizkuntza nagusia.

Hezkuntza jarduera

  • Ikasleekin harremanak euskaraz egingo dira. A ereduan ere euskaraz izango da lehenengo hitza, nahiz hezkuntza hizkuntza ofiziala gaztelera izan.
  • Material didaktikoa euskaraz eskainiko da, ereduaren arabera.

Prestakuntza

  • Ikastetxeak antolatutako langileentzako barne-prestakuntzak euskaraz egingo dira.
  • Ikastetxeak antolatutako langileentzako kanpo-prestakuntzak euskaraz egitea lehenetsiko dira.

Tresna digitalak

  • Ikastetxeak gailu digitalen ezarpenak euskaraz izatea bultzatuko du.